Porrusalda

Bizkaiko bertsolari txapelketa final-erdietan

bizkaia2006logoa.gif

Nahiz eta ez duen iazko txapelketa nagusiaren oihartzuna izan, martxan da aurten ere Bizkaiko bertsolari txapelketa, bi urtetik behin jokatzen dena. Eskualdeetakoak jokatu ondoren, final-laurdenak ere pasatu dira eta jadanik 18 bertsolari gelditzen dira, hiru final-aurretan banatuak. Horietatik 8 onenak abenduan jokatuko den final nagusira pasako dira.

5 final-laurden jokatu dira 5 asteburutan, eta egia esan areto batzuk txiki gelditu dira. Zamudio, Sestao, Arrigorriaga, Igorre eta Aulesti izan dira saio hauek hartu dituzten herriak. Ni azken hiruetan egon ahal izan naiz, eta bertso onak eta ez hain onak entzuteko aukera izan dut, ezusteko positibo eta negatiboekin batera. Laburbilduz, azkenean merezi izan dutenak pasa dira, eta guztiek ere zerbait gehiago eman beharko dute final-aurrekoetan, azken saioan toki bat egin nahi badute.

Final-laurdenetatik 12 bertsolari sailkatu dira eta final-aurreko orekatuak espero dira. Bertan zai dituzte pasa den edizioko 6 finalista. Gogoratu behar da aurten ez dutela parte hartuko Igor Elortza eta Unai Iturriagak (Bizkaiko azken 7 txapelak jantzi dituzten bi bertsolariak). Beraz, txapeldun berria izango da aurten, eta oso orekatua aurrikusten da lehia, ez baitago faborito garbirik: Xabi Paia eta Fredi Paia anaiak, Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue,… beti ere aurreko txapelketako beste bi finalistak (Iratxe Ibarra eta Igor Muniategi) eta final laurdenetan maila ona erakutsi duten bertsolari batzuk ahaztu gabe.

Final-erdiak Gernikan, Getxon eta Durangon jokatuko dira, eta finala, berriz, Bilbon, abenduak 16an, Euskalduna jauregian. Bertsozale elkarteko webgunean txapelketaren jarraipena egin dezakezue.

Final-laurdenetan puntu gehien batu dituen Gorka Ostolazaren bertso batekin uzten zaituztet. Animatu eta gozatu!

Gaia: «Udan etxean euki dozun ume sahararraren eskutitza jaso duzu gaur»

Nahiz iraganak hurbildu eta
gogor jo didan enbido
nahiz ta eskutitzak bihotz erdira
bota dizkidan bi tiro
neure bizitza hartu behar dut
arratsaldean astiro
baina zerua ez bada jausten
ta lurra ez bada igo
hurrengo udan nire etxean
egongo zara berriro


Publicado

en

,

por

Etiquetas:

Comentarios

Una respuesta a «Bizkaiko bertsolari txapelketa final-erdietan»

  1. Avatar de Ianire
    Ianire

    Ba…final laurdenak pasatura…bagoaz final erdietara…zabak oso ondo explikau du nun dien eta hori dana beraz…animau danok eta azaldu bertsolaritza festara!gure hizkuntzakin jokuan eta erriman aritzen diren artista horiek gu danok txaloak eskertuko dituzte eta..geuk ere momentu ederrak bizitzeko aukera izeten deu, Zer gehixo nahi deu ba?

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.